Senatua

Senatua da, Espainiako Konstituzioak berak emandako definizioaren arabera, lurralde ordezkaritzako ganbera.

Bere eginkizunen artean dago, besteak beste, legeak onartzen eta nazioarteko itunak amaitzeko baimena ematen esku hartzea, Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzea, Gobernuari kontrol politikoa egitea, eta interes orokorreko gaiak aztertu eta ikertzea.

Kongresuan ez bezala, kide kopurua ez da finkoa. Autonomia erkidegoetako biztanleen kopurua aldatzean, senatariak gehitu edo gutxitu daitezke.

Senatari kopuruaren aldaketa legegintzaldi bakoitzaren hasieran gertatzen da (hauteskunde orokorrak egin ondoren), eta erreferentziatzat hartzen da hauteskundeak egin diren urteko urtarrilaren 1ean argitaratutako populazio errolda.

XV. Legegintzaldian, 266 senatari izan dira. Horietatik 208 hautetsiak izan dira; eta 58 autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek izendatu dituzte.

Hurrengo legegintzaldirako senatariak 269 izango dira. Konstituzioaren 69.3 artikulua aldatu ondoren, Formenterak senatari propioa izango du (lehen Ibizarekin partekatzen zuen). Gainera, Madrilgo Erkidegoak eta Kataluniak aurreko legegintzaldian baino senatari bana gehiago izango dute.

Senatuak, jatorriaren arabera, bi senatari mota ditu.

Alde batetik, 209 senatari, sufragio unibertsal, aske, berdin, zuzeneko eta sekretuaren bidez aukeratuak, honela:

  • Penintsulako probintzia bakoitzean, 4 aukeratzen dira.
  • Kanaria Handian, Tenerifen eta Mallorcan, 3 aukeratzen dira.
  • Ceutan eta Melillan, 2.
  • Eivissan, Formenteran, Menorcan, Fuerteventuran, Gomeran, Hierron, Lanzaroten eta La Palman, 1.

209 senatari horiek hautatuko ditugu datorren azaroaren 29an.

Kongresuan, alderdi bati ematen zaio botoa, zerrenda itxien bidez; Senatuan, ordea, pertsonari ematen zaio botoa, hautagaiari. Izan ere, boto-emaileak bere hauteskunde-lokalean Senaturako boto-paper bakar bat topatuko du, eta hor ageri diren hautagai guztien artetik 3, 2 edo 1 hautatu ditzake.

Gainera, badira beste senatari batzuk (azken legegintzaldian, 58), autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek hautatuak: 1 autonomia-erkidego bakoitzeko, eta beste bat dagokion lurraldeko milioi bat biztanleko, BOEn argitaratutako azken biztanleria-zifra ofizialen arabera.